XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Aita eta ama Joxe bezalakoak zirela? Lana gogotik egiten ziaten, eta gutxiago irabazten.

Ez zeuzkatean arrotzak mahaian zerbitzari.

Ez zietean egiten aberatsari kaixo eta peoiari zuka.

Bulegoetan ez hituan eroso sentitzen.

Esaidak bada zertan ziaten antza Joxerena? - Garaiak ere aldatzen dituk. Joxek beste bizimodu bat bizi dik.

Imintzio bat egin, eta bizkarra eman zidan.

Atzetik hurbildu eta berriro saiatu nintzaion, ez bait nuen nahi gure elkarrizketa hura zehaztasun gehiago eman gabe bukatzerik.

- Litekeena duk Joxe desberdina izatea, baina maite zizkian gure gurasoak, eta gurea den guztia.

Hartan ere ez zidan erantzun, eta horrek animatu ninduen.

- Hori ezingo duk inoiz ukatu.

Hau dena beste inork baino gehiago maite dik.

Burua jiratu zuen, eta bazirudien erantzun egin behar zidala, baina bere lanean jarraitu zuen.

Nik ere bere atzean jarraitu nuen, eta berriro errepikatu nion ahotsa jasoz: - Nik hain zuzen uste diat harrotasunean irabazten dioala hik hari.

Halako duintasun handi bat edo ohorea ematen dian guztia heuretzat hartu nahi duk.

Baina Joxek badik bere modua justiziazkoa izateko.

Gure aita azkenerako harro egongo huen hartaz.

Geldik geratu zen, eskuak ari zenetik mugitu gabe, erreazionatzeko beste zerbaiten zain balego bezala.

Nik gaizki kalkulatu nuen, zeren jarraitu egin bait nuen, eta kemen gehiagoz hala ere: - Min egingo dik ala ez, baina Joxe arrotza ez duk, eta hemengo guztiari estimazio handia ziok.